Lekeitioko Gioconda


Idazleak: Aitor Iturbe / Iñaki Goiogana

Bada Lekeition albiste bat bolo-bolo dabilena Athleticen garaipenez gain, Bilbon hile honen 21ean enkantean salduko den pintura gotikoa. Herritar askoren ahotan dabiltza artelan horren gaineko galderak. Izan ere, Lekeition mendeak egin dituen lan hori ez da batere ezaguna eta.
Lana triptiko bat da eta bertan erakusten den eszena pietatea, hau da Jesus gurutzetik askatu ondoren Maria amaren altzoan jarri zuten unea irudikatzen duena. Eszenan, Jesus eta Mariaz gain, beste pertsonaia batzuk ageri dira. Erdiko taulan Maria Kleofasena, Jose Arimateakoa, San Joan Bateatzailea, Maria Magdalena eta Nikodemo. Ezkerreko atean, zutunik, Santo Domingo Guzmangoa eta otoitzean belaunikaturik, Nicolao Ibañez de Arteita. Eskuinekoan, berriz, bedeinkatze keinua eginez San Frantzisko Asiskoa eta belauniko errezoan, Marina Iñiguez de Çeranga. Triptikoaren ateetan, baina aurreko aldean, beste bi irudi ageri dira San Antonio Paduakoa eta San Bernardino Sienakoa. Eszena guztia paisaia idiliko edo paradisutar baten kokatzen da eta bertan, lorategi eder baten eta ibai batez inguraturik Brujasko hiria Jerusalem zerutiarra irudikatuz.
Artelan honen egilea ez da ezaguna eta arte historiagileek bera izendatzeko “Santa Luziaren legendaren maisua” esaten diote pintoreari. Izan ere, nor den jakin ez arren, bere lanak ezagunak eta estimatuak dira eta museorik entzutetsuenetan ikusi daitezke, esaterako Madrileko Thyssen museoan edo San Petesburgeko Hermitagen. Gure kasuan ez dakigu egileak noiz burutu zuen bere lana, baina adituek koadroan ageri den Brujasko irudian ikus daitezkeen eliz dorreak aztertuta esan dute pintura hau 1480 eta 1490 urteen artean eginda dagoela.
Artelana punta-puntakoa da eta berariaz, enkarguz, egindakoa. Hain zuzen ere, gorago esan dugun legez, eszena erlijiosoaren barruan laiko bi ageri dira, koadroa enkargatu zuena eta bere emaztea, Nicolao Ibañez de Arteita eta Marina Iñiguez de Çeranga. Nicolaoren izena ezaguna zen eta egunotan kaleratu diren albisteetan aipatzen da, baina Marina Iñiguezena gaur da lehenengoz argitaratzen dena.
Ez da asko pertsona bi hauei buruz dakiguna, baina zer edo zer esan dezakegu. Nicolao Ibañez armadorea zela badakigu eta baita ere garai hartan, XV. mende bukaeran Lekeitiok hartu-eman handia zuela Flandriarekin lekeitiar merkatariak Gaztelako artilea eta Bizkaiko burdina Ipar Europara garraiatzen aritu zirelako. Merkataritzaz gain, orduan ohiko zen korso lanetan ere ekiten eutsen armadoreek, hau da erregearen baimenez itsas lapurretan aritzen ziren. Horretara, merkataritzan eta itsas lapurretan aberasturiko armadore bat izan zen Nicolao Ibañez.
Bere emaztea, Marina Iñiguez, senarra bezala, Lekeitioko alaba zelakoan gaude, ez bakarrik bere deitura Çeranga horrek, gaur egungo Ispasterko Serenga baserriekin zerikusi zuzena duelako, ez bada ere abizen bereko beste emakume bat, ehun urte lehenago hil zena eta, Marina Iñiguez honen antzera, etxe onekoa zenaren berri badugulako. Beste Çeranga hau Aura Martinez de Çeranga izan zen. Aura Martinez Lekeitioko parrokian lurperatu zuten bere senar Joan Perez de Ormaegyrekin batera, Brujastik edo Tournaitik ekarritako hilobia estaltzeko brontzezko tapa baten azpian. Estalki edo lauda hau Lekeitioko Beheko elizan ikusi daiteke, beste antzeko brontze baten ondoan, sakristia baino lehenago dagoen kaperan.
Arteitatarren pisu ekonomiko eta politikoa zenbaterainokoa zen jakiteko ez dago besterik Nicolao Ibañezen seme Iñigo noraino helduko zen ikustea baino. Iñaki Madariagak idatzita daukan bere biografian esaten da, zelan merkatari, militar eta armadore hau, Gaztelako erregearen Bizkaiko armadaren buru izan zela eta bere enpresa militar eta ekonomikoak Iparraldeko itsasotik Mediterraneoraino zabaltzen zirela. Besteak beste, Iñigo Arteita izan zen Granadako azken errege musulmana eta bere herria Ipar Afrikara eramateko erregearen agindua hartu zuena. Honek guztiak esan nahi du Arteitatarrek garaian boterea zegoen lekuetan hartu-emanak zituztela, ondo kokatuta zeudela alegia.
Nicolaok eta Marinak, orduko handikien antzera eta garaiko joera sozialak jarraiturik, beraien arimaz arduratu ziren. Horrela, kapera bat eraiki zuten mojen komentuan 1487an Eraispenaren kapera izenez ezagutuko zena. Datu honek, gainera, triptikoaren pintatze data hobeto kokatzeko balio dezake 1480 eta 1490ko hamarkadaren barruan zehatzago finkatzeko. Kaperak beraien gorpuak hartuko zituen eta lekua familiaren kategoriakoa izateko Brujasen enkargatu zuten enkantera atera den koadroa eta beste irudi eta lan batzuk. Triptikoa komentuko kapera honetan egon zela dakigu auzi paper batzuetan ikusi dugulako esaten dela “con su retablo de pincel del descendimiento de la cruz”.
Seguruena, honekin lotuta dago, gainera, Santo Domingo Guzmangoaren irudia triptikoan agertzea ere. Izan ere santu hau izan zen ordena dominikarraren sortzailea, komentuko mojen ordenaren fundatzailea. Kapera komentuan egitearena, berriz, beste kontu batekin lotuta egon daiteke. Mende amaiera hartan Beheko elizan, parrokian, eraikitze lanetan ziharduten. Izan ere, eliza urte batzuk lehenago erre egin zen eta berri-berria egiten ari ziren, baina Nicolao Ibañez eta Marina Iñiguez edadean aurrera zihoazen eta beraien kategoriarako ez zuten beste lekurik aurkitu mojen komentua baino. Gure ustetan ez zuten komentua aukeratu beraien jauregitik hurbil zegoelako ze Arteitatarrak garai hartan ez ziren Uriarte auzoan bizi, ez bada ere gaur egun Erkiaga taberna dagoen eraikinean zuten dorrean baino.
Artikulu hau amaitu aurretik apunte bi. Bata triptiko hau ez dela kuriositate bat, kasualitate huts bat. Alderantziz, XV. mende bukaeran eta XVI.aren hasieran Lekeition zegoen aberastasunaren erakusgarri da. Eta ez bakarra. Ordukoa da eliza nagusia, garai hartan Bizkaian handienetarikoena. Parrokiaren eliz premiak asetzeko baino Jaungoikoaren –eta egitea otu zitzaienen- handitasuna goraipatzeko egina. Elizarekin batera bertan gordetzen den erretaula nagusia, penintsula osoan bakanetarikoa bere neurrian. Txikiagoa izan arren balio urriagoa ez duen erretaula txikia ere elizan bertan dago. Bata Flandriatik ekarritako artistek egina eta bestea  herrialde hartan erosia. Parrokiatik irten barik baina mende bat lehenagokoak dira gorago aipatu ditugun laudak, eta sasoikoak dira baita ere kale-kantoi batzuetan (Trinidade eta Bergara kaleetan, besteak beste) zeuden Ingalaterratik ekarritako alabastrozko irudiak. Batzuk zein besteak herrian zegoen aberastasunaren eta Ipar Europarekin Lekeitiok zituen hartu-emanen erakusle ederrak.
Bigarren apuntea Nicolao Ibañez eta Marina Iñiguezen irudien gainekoa da. Erretratuak dira biak, erretratuak diren legez koadroan ageri diren gainerako pertsonaien irudiak. Lekeitiar bien aurpegiera horixe zen, behar bada idealizatuta daude triptikoan, baina garai hartan pertsona bi horiek ezagutu zituztenek koadroa ikusiz gero bata eta bestea ezagutuko zituzten. Taulan ageri diren santuen kasuan, berriz, zeruko pertsonaien jantzietan Brujasko hiritarrak daude, akaso pertsonai ezagunak, behar bada ez. Honekin esan nahi dugu koadro horretan ageri direla lekeitiar biren erretraturik zaharrenak, akaso bizkaitar batzuren irudi errealistarik zaharrenak ere bai, Nicolao Ibañez Arteitarena eta Marina Iñiguez Çerangarena, gaur arte ezezaguna zen Lekeitioko Giocondarena.


Aitor Iturbe / Iñaki Goiogana