Polita zelako egin ete eben Lekeitioko uria sortu?


XIV. mendea garai ona da Bizkaian, ekonomiaren aldetik; merkataritza eta industrigintza sasoi onean aurki­tzen dira eta honekin lotuta demogra­fian gorakada bat igartzen da. Gora­kada demografiko honek beharginak emango dizkio gorago aipatutako ho­bekuntza ekonomikoari.
Hobekuntza hau ez da agintea zute­nen begietatik kanpo geldituko; hauek gorakada honetan beraien ira­baziak gehitzeko eta beraien arerioen kontra ekiteko bide zabal bat ikusiko dute. Lehenengo Bizkaiko Jaunak, eta gero Gaztelako erregeak, Jaurrerriko Nagusi modura, Uriak sortzeko, mer­kataritza eta industrigintza bultzatze­ko bideetan ahaleginduko dira.
Prozesu honen barruan jasoko du Lekeitiok Uri bihurtzeko eskubidea; Maria Díaz Harokoak Santa Maria pa­rrokiak harrapatzen zituen lurrei Uri­tasuna emango die.
Ez da kasu honetan lurralde huts bat; bazen ordurako elizaren ingu­ruan herri bat hesi batez inguratua, eta hesi horren barruan zen, Bedaroa­tik Gizaburuagara eta hemendik itsa­soraino den lurraldeko parrokia baka­rra eta osotasunean menperatzen zue­na.
1.325ean ematen den fueroak fin­katu egin nahi du berez sortzen dihar­duena hau da, merkataritza eta indus­tria, eta bide honetan datoz Bizkaiko uri guztiei emandako Logroñoko Fo­ruak dakarzen onurak:

a) Uritarrak askeak izan betirako.
b) Administrazio berezi bat, eurak eurentzako aukeratua.
d) Eliza beraien eskuetan jarri. Lekei­tion parrokiaren ondasunetatik hiru­tik bi jasotzen zituen herriak eta bestea Jaunak.
e) Herri mugatu bat sortu, uria norai­nokoa zen zehatz jarri.
f) Hesi bat segurtasun militarrerako. 
Iñaki Goiogana
DZANGA aldizkaria 1. zkia. 1989ko maiatza

Lekeitio - Historiaren gurpilean

DZANGAren lehen alean, 1989ko maiatzekoa hain zuzen ere, “historiaren gurpilean” sailean, Lekeitio sortzearen zergatia azaltzen genuen, eta besteak beste, hau agertzen zen:

“XIV mendea garai ona izan zen Bizkaian, eta mende horre­tan Lekeitio Uri bihurtu bazuten ere, bazen ordurako herri bat, elizaren inguruan eta hesi batez inguratuta, eta hesi borren ba­rnean zegoen, Bedarona, Gizaburuaga, eta hemendik itsaso­rainokoa den lurraldeko parrokia bakarra eta osotasunean menperatzen zuena”.

Oraingo honetan aldiz, Lekeitioren historia baino, aldizkaria­ren gaiarekin lotuago egon daitekeen forma eta estrukturaren jatorria azaltzen da.
Euskal Herri Atlantikoan, kos­taldeak, hirigintza aldetik, barruko aldearekin konpa­ratuz atzerapen handia du. Esan dezakegu, ez dagoela benetako hirigintzarik Itsas-merkataritza zabal­du arte, eta hedapen ekonomiko hau, erdi aroan izango da.
Honek ez du esan nahi, lehenago he­men herririk ez zegoenik, baina bai une horretan hasiko dela hartzen gaur egun ezagutzen dugun Lekeitioren itxura.
1325ean Maria Diaz Harokoak Le­keitio uri bihurtu zuenean, ez zuen he­rri berri bat sortu, lehenago zegoenari, hedatzeko tresna bat erran baino.
Ordura arteko Lekeitio, Dendari ka­learen luzeran eta Goikokalea eta Behekokalean zehar zabaltzen zen, hesi batez inguraturik, gune hau, segur aski ez zegoen etxez beteta, gaur egun ere, Goikokalea eta hesiaren artean ez dago etxerik.
Baina 1325ean Lekeitiok, zabaltze­ko eta merkataritzara jo nahi bazuen batipat, Arranegirantz zabaldu behar zuen.
Auzo honetan ez da nabari Lumen­tza mendiaren eragina, eta kaleak zu­zenak eta kanto zuzenak egiten dituzte Arranegi kale nagusiarekin. Kale hau, ez doa auzo honen erditik, baina bai kaiaren luzera guztian zehar.
Auzo hau ere (Arranegia) hesi batez inguratuta zegoen, eta berton ere ba­dira gune hutsak, etxegabeak, baina beste auzoan baino gutxiago.
Auzo biok alde ezberdin bitan sor­tuak izan arren, egun gordetzen dituz­ten eraikuntzak harrezkerokoak dira. Erdi aroko aztarna gutxi dago, aro ho­rretan etxeak, gehienbat egurrez egi­nak zirelako eta hondamendi handiak izan zituelako gure uriak, horra hor 1420ko sutea, dena kiskalita utzi zue­na.
Baina dena erreta utzi arren, berre­raikitzea lehenagoko sailak errespeta­tuta egin zen. Kontrasu harresia egi­teko, Apalloa eta Uribarri (Azpiri kalea) kaleen bitartean utzi zen aparteko saila eraiki gabe.
Gune biok nahiko izan ziren Lekei­tioko populazioa gordetzeko XIX. mendera arte, Erdi Aroaren azkenean gelditu egin zen eta hedapen ekono­mikoak aurrera egin ez zuelako.
XIX. mendean, populazioak gehia­gora egin zuenean eta hesiak gorde­tzen zuen uriak lekurik ematen ez zue­nean, Arrabalak zabaldu ziran, Ezpe­leta kalea eta Atea auzoa. Mende ho­netan aterako da Hilerria eliza ingurutik gaur egungo tokira.
Mende horretako garapenak zabal­du zituen Durangora eta Muretagane­tik Debara bideak.
Giro horretan, Paskual Abaroak, beste hainbat lanen artean, Casto de Zabala arkitaktariaren laguntasunare­kin, Paskual Abaroa Etorbidea egin zuen, lehenengo Ateako atetik, gaur egun Eskolapea deitzen dugun leku­raino. Lan hau burutzeko harresia jaurti zuen. Eta gero Eskolapetik aurre­ra. Bigarren fase honetan, ezin izan zuen harresirik jaurti, etxeak egiteko aprobetxaturik zegoen eta.
1888an, Etorbidea egin ondoren Le­keitio kale horretatik itsasorantz za­baltzen zen, baziran etxe banaka ba­tzuk, baina gutxi.
Gero egin da kale horretatik gorakoa eta hainbat etxe eraiki lehen gune ho­rretan, harresia jaurti eta hutsik gelditu ziran hainbat sailetan, eta lehenagoko etxe zaharrak jaurti eta eraiki zen lur sailetan.

GAMARRA ENPARANTZA


1325ean, Arranegi auzoa egin zutenean, auzo biak (Arranegi eta Dendari-­Goiko-Beheko kaleak) batzen zituen gunea zen plaza hau, eta esan behar, Lekeitioko gunerik inportanteena zela, XIX. mendean, Debara bidea egin zutenean, plaza itxura galdu arte, erditik moztu zuten eta.
Iñaki Goiogana 
DZANGA aldizkaria Ale berezia. 1990eko urria