Antón Atxurra – Ispasterreko ikazkina

1993ko urrian, gure inguruko azken ikazkina[1] zen Anton Atxurrak, lan hau ixtera doanaren berri izan genuenean, elkarrizketa hau egitea erabaki genuen DZANGA aldizkarian argitaratzeko.
Hau dela eta, azaroaren 1ean, Ispasterreko Aixpe aurrekoa baserrira habiatu ginen eta han topa genuen Antón bere soloan txondor bat egosten zegoela. 

-Zein urtetan hasi zinen ikatza egiten?
1947an urtean hasi nintzen ikatza egiten, 23 urte nituela.
-Non ikasi zenuen ikatza egiten?
Nire etxean ikasi nuen, zeren nire aitxak ikatza egiten zuen.
-Zein izen ematen zaio egurra egosteko egiten den egur piloari?
Egurra egosteko egiten den piloak txondorra du izena.
-Zenbat kiloko txondorrak egiten dituzu?
Gehienetan 500 eta 1.000 kilokoak, baina 2.000 kilokoak ere egiten ditut.
-Zenbat denbora behar du txondor batek egosteko?
1.000 kilokoak hiru egun egon behar du egosten.
-Zertarako erabiltzen da egiten duzun ikatza?
Lehenago gasogenozko motorrak eta errementariek erabiltzen zuten ikatza, geroago altzairuzko[2] tresnak egiten zuten lantegiak, eta orain partikularrak erabiltzen dute.

-Zein da egurrik onena ikatza egiteko?
Egurrik onena artearena, gurbiztiarena eta haritzarena da. Zuhaitz hauen egurrarekin egindako ikatzak, gaztainondo, pinua edo urkiarenarekin egindakoa baino gehiago pisatzen du.
-Zeintzuk dira egosi beharreko egurrak izan behar dituen berezitasunak?
Ba, egurra ez dela zaharra izan behar eta umela egon behar duela.
-Zergatik uzten diozu ikatza egiteari?
Ba, 70 urte ditudalako eta gainera ez delako lehen bezain erraza egurra lortzea.

*Egurra berak egiten du, mendira igo eta txaraka[3] ebakiz.
*Elkarrisketa hau azkenean ez zen argitaratu.

1993ko azaroaren 1a
J.A. Aranburu Natxi / Iñaki Madariaga Valle



[1] ikazkina = egur-ikatza egiten duena.
[2] altzairu = burdina mota berezia.
[3] txaraka = berez sortutako zuhaitz-landareek osatzen duten multzoa edo zuhaiztia.


Argazkiak: Iñaki Madariaga Valle