TOKIKO HEDABIDEAK


Tokiko kazetaritza, begitik orrira

Aitzindari asko dauzka herri kazetaritzak Lekeition, handia izan baita betidanik herriko gaiez mintzatzeko ohitura

Herri hedabideak edo komunikabideak, herriko informazioa, tokian tokiko, tokiko edo toki-hedabideak, hurbileko informazioa, hurreko prentsa, eremu urriko hedabidea ... Izen ezberdinez ezagutzen da esparru zehatz batean egin ohi den kazetaritza. Hala ere, modu batean edo bestean deitu arren, beti izan dute arrakasta hedabide horiek, gure inguruan gertatzen denaz gehiago arduratzen baikara, han urrutian gertatzen denaz baino. Tokiko kazetaritza 70. hamarkadan agertu zen estatu mailan, baina hurrengo hamarkadan loratu zen Euskal Herrian. Gainera, egunkari handiak hurbileko informazioaren arrakastaz jabetu eta horiek ere, irakurleengana hurbiltzeko nolabait, tokiko informazioa ematen zuen atala argitaratzen hasi ziren.

“Gertukotasuna” da esparru txikiko kazetaritzaren ezaugarri nagusiena Zumaiako Baleike aldizkariko zu­zendaria den Gorka Zabaletaren arabera, eta nahiz eta gizartean bigarren maila­kotzat hartzen den ez dago horre­kin ados. Berria egunkarian aritua dugu gizon hau, baina haurra izan zuela eta eszedentzia eskatu eta ondoren Baleike aldizkarian buru­-belarri sartua.

Hedabide handiekin alderatuz, abantailak bezain beste desaban­taila aurkitzen dizkio Gorkak igorle­aren eta hartzailearen arteko hurbiltasun horri. Alde onei dago­kienez, kontatu beharrekoa hurbiletik ezagutzeak lagundu egiten du ka­zetari honen ustez, “azken finean zure irakurleei gehien interesatzen zaien informazioa hori delako, ger­tuko informazioa, etxe ondoan ger­tatu dena” azpimarratuz.

Baina iturriaren eta kazetariaren ar­teko gertukotasunari ez dio horren begi onez begiratzen, “distantziaren arazoa” dagoela deritzo. Kaze­taritzan distantzia mantentzea gakoa dela dio Baleike aldizkariko zuzendariak, hori egiten jakinez gero lortzen dela sinesgarrita­suna, informazioaren igorketan oinarria den hori, hain zuzen.

“Objektibotasunik ez da existitzen baina zintzotasuna bai, zintzo jokatu beharra dago, kriterio batzuekin, eta beti kriterio horiek mantendu behar dira”, dio sinesgarritasunaren kontzeptua azaltze aldera. “Feedbacka” deitzen dio, baita ere, kazetari eta hartzai­leen arteko harremanari, zuzeneko feedbacka, kalera irten eta han bai­tauzkazu horien iritzi eta usteak.

Baleike aldizkaria
Baleikerekin izandako esperientziari dagokionez, hasieran gazteei zuzen­dutako aldizkaria izan arren gerora adin tarte guztietara bideratu zeta ai­patzen du, modu horretan herri aldiz­kari bilakatuz. Aldizkaria 1992an argitaratu zen lehenengoz, eta mugarri bezala 2001. urtea aipatzen du Zabaletak. Urte hartan aurrerapauso edo berak esan bezala “eboluzio” bat jasan baitzuen hark, hilabetekari izatetik hamabostekari izatera igaro zen eta. Hori izan zen aldizkariak izan zi­tuen bi erronketako bat, orduan ez zegoen euskarazko informazioa egu­nero emateko baliabiderik, ez zegoen zulo hori asetzen zuen hedabiderik, beraz hori ordezkatzen saiatzea zen erronketako bat. Bestea aldiz, profe­sionalizazioa lortzea, hau da, balia­bide zein iragarki gehiago lortzea eta baita lanean daudenei baliabide dui­nagoak eskaintzea ere, proiektua egonkortzea, azken finean.
Krisialdi bat ere jasan zuen hama­boskariak, “nahiko lan eskatzen zuen eta hor urte batzuk egin eta gero krisi momentu bat edo allagatu zan, eta 100. zenbakian Baleikek agur esan zuen gehiago ezin zuela eta” birgo­goratu zuen kazetariak saminez. Etenaldi bat izan zuen beraz, baina herrian horren premia sortu zeta kon­turatzeko balio izan zuen, jendeak al­dizkaria beharrezkoa zuela esaten baitzuen.

Berriro jarri zen martxan taldea or­duan, jende berria sartu zen eta proiektua bera ere eraberritu egin zen, nolabait, Zabaletaren hitzetan. “Gaur egun daukan egoera 2004an sortu zeneko bera da eta hor dirau” azpimarratzen du Gorkak.

Gaur egun web orria ere badauka aldizkariak –baleike.com-, eta ho­rrek ere hausnartzera eraman zituen berriro ere hilabetekaria zen aldizka­rikoak. “Merezi du aldizkaria argita­ratzen jarraitzea edo ez? Galdera hori geratu zen airean bi edo hiru urtez, eta azkenean ba beno, 2006- 2007an hausnarketa bat egin zen eta diseinatu zen aurrera begirako komunikazio proiektu bat” azaltzen du Gorka Zabaletak, baina bi horiek osagarriak direla erabaki eta biekin aurrera jarraitzea erabaki zuten az­kenean.

“Webguneak eguneroko informazioa jarraitzeko aukera ematen digu, ze­kula ez bezalako potentzialidadeare­kin” argitzen du aldizkariaren zuzendariak, horren abantaila na­gusi bezala bapatekotasuna, idatziz­koa multimediarekin uztartzeko gaitasuna eta inongo mugarik barik, nahi adina idazteko ahalmena aipa­tuz, beste batzuen artean.


Sustraia aldizkaria
Lekeitioko herri kazetaritzari helduz, sarreran aipatutako aldizkari horie­taz aparte, oso ezagun eta hain ga­rrantzizkoa bilakatu den Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza eta Arrakala Irratia ere aipatu beharra dago. 
Oraingo honetan, azken hau eta duela asko argitaratzen zen eta oihartzuna izan zuen Sustraia aldizkariaren inguruan sakonduko gara. 
Arrakala Irratia kokatzeko, 80. ha­markadara egin behar dugu salto, 1985era hain justu, beraz hogeita sei urte daramatza airetik uhinak bi­daltzen. 
Hasieran Lekeitioko Nautika Esko­lako irakasle batzuk sortu zutela kontatzen du irratiko partaideetako bat den Ane Gezuragak, sortu eta denbora laburrera Lekeitioko gaz­teen eskuetan geratu eta irrati libre bilakatu zela dio. Lekeitioko hogei urteko gaztea dugu Ane eta ahal duen guztietan hartzen du parte Arrakala Irratian tertuliak, musika eskaintzak zein beste edozein gauza eginez. 
Herri honek musika munduarekin be­tidanik izan duen lotura izan zen, baten ere, irrati bat sortzeko arrazoia, “herritarrei euren gustuko musika es­keintzea eta herritik eta herriaren­tzako hedabide bat sortzea” Anek aipatu bezala. Baina gazteenen es­kuetan gelditu zenean, musika lan­tzeaz aparte, horien parte hartzea sustatzea eta haien interesekin lotu­riko gaiak jorratzea bilakatu zen helburu.

Finantziazioari dagokionez, hasiera­tik sartu zen irrati hau Arrosa Proiek­tuan, “finantzazioa ere hortik datorkigu eta etorri zaigu orain arte, bai teknologikoki egin ditugun aurre­rakuntzetarako eta bai gure emisio­rako ere, orokorrean” azaltzen du Ane Gezuragak. Irratiari bultzada bat emango ziolakoan batu ziren proiek­tura, eta baita lortu ere.

Arrosa Proiektuan sartzeari esker, Lekeition emititzen den programazioa beste leku batzuetan entzuteko eta beste irrati batzuetako programazioa­rekin uztartzeko aukera eskuratu zuen Arrakalak. Hala ere, irratia lehen hernian zegoen gaztetxean ko­katu zenean etorri zitzaion “bultzada­rik handiena” lekeitiar gaztearen arabera, baina irratiaren instalazioak finkoak ez izatean arazoak zeuden Lekeitio guztian entzuteko, beraz, Kultur Etxean jarri eta arazo hori kon­pondu zela ikustean, hor geratu da, 107.7 FM frekuentzian hain zuzen.

Nahiz eta gaur egun ez argitaratu, Sustraia aldizkaria da Lekeitioko herri kazetaritzan gehien nabarmendu den hedabidea, hori izan baitzen ondoren etorri zirenen aitzindaria eta susta­tzailea. Duela askoko aldizkari bat da, 1978an hasi baitziren euskal za­letasuna pizteko eta kultura herrira­tzeko asmoz argitaratzen. Sustraia­ren sortzaileetako bat den Sabino Madariagak azaldu bezala, euskal­tzale lekeitiarra, Gaztedi Klub ize­neko talde bat sortu zen Lekeitioko udalean. “Guk aldizkaria sortu ge­nuen garaietan ez zegoen euska­razko hedabiderik ia, ezta euskaraz irakurtzeko edo eta idazteko ohitura­rik ere” dio Madariagak, hori izan zela euskara sustatzea helburu hartu izaparen arrazoia.

Hamazortzi urteko bizitza oparoa izan zuen herri hedabide honek eta udaletik lortzen zituen beharrezkoak zituen diru laguntzak. Urte horietan zehar berrogei eta hamabi zenbaki egin ziren, baina agur esan beharra izan zaten azkenarekin, doakoa iza­teaz aparte, udalak ahalbidetutako baliabideak ez baitziren nahikoak izan aurrera jarraitzeko, Sabinok adierazitakoaren arabera.

Tokiko kazetaritzaz galdetzean, “he­rriaren isla” direla dio euskaltzaleak, “herritarren interesak eta horien egu­nerokotasuna islatzen duen ispilua” zehazten du. Hainbat ziren ale ba­koitzak jorratzen zituen gaiak, ez baitzen genero zehatzeko aldizkaria.

Lekeitioko berbak, ipuin laburrak, gaixotasunentzako gomendioak, po­emak, herriko abesti zaharrak eta horien partiturak, narrazio laburrak eta beste hainbeste gauza jorratzen ziren Miren Agur Meabe bezalako idazleen eskutik. Sormen handikoa eta aipatu gabe ezin uzteko tokiko hedabidea, beraz, honakoa.

Tokiko hedabideak Lekeition
Betidanik izan da herriko kontuak hedatzeko zein jasotzeko ohitura herri arrantzale honetan. Aldizkariak izan dira, hala ere, hedabideen artean gailendu direnak. Horien artean daude Udalak berak 1981ean zehar argitaratu zuen Lekeitio aldizkaria. Lau ale bakarrik izan ziren argia ikusi zutenak, eta aldizkari batetik besterako denbora-tarte zehatzik gabe argitaratu zen Lekeitiori buruzko hainbat erreportaje interesgarrirekin.
Herriko beste aldizkari errekonozitu bat, Dzanga izan zen, hastapenak 1989an egin zituena. Udaletxearen esku zegoen hau ere, eta nahiz eta izena aldatu, urte batzuk geroago Dzingua deitu baitzioten, izaera berdina izaten jarraitzen zuen, baina Udalaren menpe egon beharrean Ikastola hasi zen kudeatzen. 
Batez ere elkarrizketetan oinarritzen zen, lekeitiar pertsonaiei egindakoak, hain zuzen.
Lekeitioko Komunikazio Taldearen Zeresana, Ikastolaren Marierrota buletina eta Dzingoa, Lekeitio, Sustraia, Udaletik eta beste batzuk izan dira, beraz, herri txiki honetako tokiko hedabideen aurrekariak.

Iraitz Madariaga Ituarte